Interneteko kultur edukiontziak
Posted: March 25th, 2010 | Author: admin | Filed under: sormena | Tags: artea, internet, kultura, teknologia | No Comments »Info Zazpiko Anfora programan hirugarren aldiz mintzatu naiz aste honetan. Gaia Interneteko kultur edukiontziak izan da oraingoan.
Argi dago Internetek egun hainbat aukera ematen dizkigula gure inguruko kultur egitasmoen berri izateko. Hala, ohikoak dira aldizkari digitalak, blogek eta kultur agendak eskaintzen dituzten albiste eta informazioak sarean.
Baina betiko berripaperez gain badira kultur baliabideak erabiltzaileengana beste era batean gerturatzen dituzten atariak ere. Nolabait kultur edukiontzi bezala funtzionatzen dute gune hauek. Besteekin alderatuz ezberdintasun gisa, esango nuke, informazioa sare ezberdinetatik lortzen dutela honako web orriek, askok ez dutelarik informazioa sortzen baizik eta kanalizatu egiten dute. Horretarako ondo antolaturiko profesionalen laguntza eta sare hedatuaz baliatzen dira.
Ondoren aipatzen ditudan hiru web orriak kultur edukiontzien adibide dira.

Kulturklik, Eusko Jaurlaritzako kultura sailak berriki plazaratu duen ataria da. Otsailaren hasieran abian jarririko egitasmoa honek, lau ardatz funtsezko ditu: agenda, albisteak, ezagutzak eta edukiak. Bere asmoa Euskal Herriko kultur jarduerak biltzen dituen topagunea izatea da. Euskal Herriko gertakari kultural guztien ikuspegia emateko elkargune eta erakustokia alegia. Bertan sortzaile, kultur industria, zein herritarrek parte hartze zuzena izateko aukera ditu.
Software librean oinarrituriko eta estandar irekiekin eginiko webgune honetan, erabiltzaileek zeresan handia izango dute. Agendara esaterako, ekitaldi ezberdinak bidaltzeko aukera dago. Era berean, rss bidez heltzen zaizkien kultur egitasmoak plazaratzen dituzte kulturkliken. Lehenengo aurreikuspenen arabera, webgune honek aurten 22.000 eduki jasoko ditu. 15.000 agenda-ekintza, 4.000 albiste, 1.500 ezagutza-eduki eta 1.500 kultura-eduki. Jasoko dituzten eduki guztietan zein iturritatik hartuta dauden adieraziko dute eta software askeko tresna ezagun bat erabiliko dute: Worpress.Era berean, asteroko newsletter bidalketa zerbitzua ere eskaintzen dute harpidetu ezkero.
Euskal Herritik jausi eginez, Erresuma Batuan bada beste edukiontzi bat. Culture 24, 1999.urtean sorturiko proiektua da. Irabazirik gabeko elkarte modura funtzionatzen duen kultur egitasmo hau, egun Ingalaterrako kultur webgunerik garrantzitsuenetako bat da. Webgune honetan, ezagutza ezberdinak uztartzen dira, hala nola, artea, zientzia, historia eta hezkuntza.
Gero eta teknologizatuago eta sarera konektatuago dagoen gizartean ezinbestekotzat jotzen dute atari honetako arduradunek teknologia berrien bidez ezagutza ahalik eta hobekien plazaratzea.Audientzien beharrizanak asetzeko kultur informazioa era erraz eta didaktikoan eman nahi dute culture 24en. Mundu konektatu honetan bestengana heldu, baina aldi berean norberaren iragana ezagutzea ere garrantzizkotzat jotzen dute.
Atarian ikusgai dauden edukien artean: arte, pintura, eskultura, arkitektura, eskulangintza, diseinua, ikus entzunezkoak zein bestelako praktikak non eta noiz aurkitu ondo erakusten duteHistoria eta ohiturekin loturiko museo eta galerien eskaintza eta Zientzia eta natura biltzen dituen erakusketen eskaintza ere paregabeak dira. Era berean, irakasleentzako baliabide eta ideiek ere leku garrantzitsua dute. 4000tik gora kultur elkartek ematen dute euren informazioa atarian eta guztira miloi erdi bisitari bakar ditu hilean. Sortzaile, kazetari, hezitzaile zein irakasleek parte hartzen dute publikazioetan eta aipagarria da kulturaren demokratizazioaren alde egiten duten ahalegina, edukiak jendearengana era errazean plazaratuz.
Azkenik, Culturmondo, munduko kultur atarien ataria litzateke. Bertan mundu mailako herrialde ezberdinetako kideek, beren proiektu, ideiak, eta ardurak plazaratzen dituzte Horretarako gaika prestaturik dauden foroez baliatzen dira. Elkar ezagutzea, lanak partekatzea eta sareak sortzea dute helburu. Era berean elkarrekin egindako kultur txosten interesgarriak ere badituzte.


